XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Pisu espezifikoaren eta dentsitatearen arteko diferentzia pisuaren, zeina indarra den, eta masaren, zeina gorputza egina dagoen materia den, arteko bera da.

9.3.- PRESIOA.

9.3.1.- KONTZEPTUA.

Estatika estudiatzen aritu ginenean, indarrak puntu batzutan ezarrita zeudela esan genuen.

Baina hau teoria hutsa zen, zeren indarra ezartzen den guneak nolabait azalera handixeago edo txikixeagoa bait dauka.

Alegia, gorputz bati indarra ezartzen diogunean gainazal batean eragiten diogula.

Bestaldetik zernolako azalera duen ukipen-gainazalak garrantzi handia du, zeren indarraren bidez lortu nahi ditugun efektuak baldintzatzen bait ditu.

Jarraian azalduko diren adibideez argi ikusiko da esaten dugun hori.

Demagun elurretan, oso elur bigun erori berritan, zabiltzala eta 60 kp pisatzen duzula.

Botak jantzita dituzu eta noski, elurretan hondoratu egiten zara ia belaunetaraino; ohar zaitez bi magnitude fisikok eskuhartzen dutela fenomeno honetan, hondoratzean alegia; bata, indarra, zure 60 kp-tako pisua hain zuzen ere, eta bestea zure boten zoluaren gainazala, zeinaren bidez indarra ezartzen bait zaio elurrari.

Elurra galtzerdi eta bota tartean sartzen ari zaizu; honez gero zure oinak bustita nabaritzen dituzu eta gisa honetara ibiltzeko gogoa joan zaizu.

Erosoago ibiltzearren eskimalek erabiltzen dituzten arrabila antzeko bana ipintzen duzu zure boten zoluan.

Zer gertatzen zaizu orain?.

Elurretan, ez zara hainbeste hondoratzen, arrabilak oso zabalak ez badira orkatiletaraino gehientsuenik; aurrerantzean ez zaizu sartuko elurrik botetan.

Zein magnitude fisiko ditugu jokoan oraingoan? Indarra, lehengo pisu bera, 60 kp; baina ukipen-gainazala ez da bera, orain gainazalaren azalera handiagoa da eta hondoratze efektua gutxitu egin da.

Azkenik, arrabilaz apo gisa ibiltzen aspertu zara, ez bait da oso erosoa ibilkera hori, eta nahiago duzu ekarri dituzun eski-ohol lirainez labaintzea elur gainean.

Jartzen dituzu eskiak zure botetan, eta zentimetro bat edo bi besterik ez zara elurretan hondoratzen.

Ikusten duzunez, nahiz eta indarrak iraun, 60 kp.tako pisua, ukipen-gainazalaren azalera asko aldatzen da.

Gonbara ezazu bota hutsez ibiltzen zinenean hondoratzen zinenarekin.

(Ikus 2. irudia).

Ikus dezagun orain beste adibide bat, somatzen ari garen kontzeptu fisikoa matematikoki adierazten lagunduko diguna.

3. irudian ikus dezakezun bezala pisu eta forma berdinezko hiru adreilu hondar-kaxa batean uzten ditugu aurpegi desberdinetan etzanda.

Beren pisuaren eraginez eta harearen fintasuna dela medio adreiluak hondoratu egiten dira irudian adierazten den moduan.

(a) kasuan aurpegiaren azalera txikiena da eta gehien hondoratzen da; (b) kasuan bai aurpegiaren azalera bai hondorapena beste bi kasuetakoen tartekoak dira eta (c) kasuan aurpegiaren azalera handiena da eta hondorapena txikiena.

Indarraren efektua ukipen-gainazalaren azaleraren menpean dago. Sbota; Sbarrabila; Seskia;.

Presioa handiagoa den heinean adreilua gehiago hondoratzen da.